Fruta ekologikoa, Nekazaritza ekologikoa

Zer dira produktu ekologikoak?

Merkatuak, egun, produktu ugari eskaintzen dizkigu, mota guztietakoak: konposizioari begira, ekoizpen moduari, segun nola elaboratu diren, zein jatorri duten, ontziratuak diren ala ez… Eta guri dagokigu horien artean aukeratzea; zer eta nola kontsumitu nahi dugun erabakitzea, alegia.

Eskaintza handi horren aurrean produktu ekologikoak aukeratzea gero eta errazagoa izaten ari zaigu, apurka horien sorta zabalduz doalako, eta lehia-prezioan.

Asko dira produktu horiek dituzten alde onak, eta jarraian aipatuko dizkizuegu horietako batzuk.

Produktu ekologikoak onuragarriak dira zure osasunarentzat

Hondakin toxikorik ez dituzte, hauexen ondorioz sortzen direnak, alegia: pestizidak, antibiotikoak, ongarri sintetikoak, gehigarri eta kontserbagarriak. Azken horiek ez dira erabiltzen nekazaritza ekologikoan, eta, horregatik, gure organismoak egoki asimilatzen ditu produktu ekologikoak, gure funtzio metabolikoa errespetatuz.

Badira ikerketa toxikologiko aunitz pestizida kimikoen erabilera eta gaixotasuna zuzen erlazionatzen dituztenak, hala nola alergiak, asma, minbizia, gaixotasun autoinmuneak, digestio-arazoak…

Nekazaritzako produktuak landatzeko orduan ongarri naturalak erabiltzen dira. Honela, elikagai horiek mantenugaietan aberatsagoak dira: bitaminen maila handiagoa dute (batez ere C bitamina), bai eta oinarrizko mineralen maila (kaltzioa, magnesioa, burdina, kromoa…) antioxidatzaileena (hainbat gaixotasun prebenitzen dituzte, minbizia kasu), eta proteina edo karbohidratoen maila ere bai.

Abeltzaintza ekologikoari dagokionez, antibiotikoen erabilera debekatzen dute Europako erregelamenduaren kontrol-estandarrek, gure osasunaren mesedean. Honela, animaliak zaintzeko orduan gaixotasunari aurre egitea hobesten da, jaten dutenari eta haien bizimoduari garrantzia ematen zaio -larrean ibiltzen dira- eta orokorrean tratamendu homeopatikoa ematen zaie, behar dutenean.

Produktu ekologikoak oso zaporetsuak dira

Jatorrizko zaporea berreskuratzen dute ez baitaude eraldatuak, baizik eta eskuz landuak, eta tentu osoz. Hau posible da landareak organikoki bakarrik birsortzen eta ongarritzen direlako. Horrela osasuntsu eta hobe hazten dira, bere jatorrizko usaina, kolorea eta zaporea gordez.

Barazki eta fruta ekologikoen itxura, hasiera batean behintzat, ez da horren erakargarria ekologikoak ez diren produktuekin konparatuta. Azken hauek handiago eta distiratsuago izango dira ziurrenik, horretarako eraldatuak izan baitira. Baina, ez dezagun bistarekin jan; horiek dastatzeko orduan, non ote zaporea? Aldiz, tomate ekologiko bati haginka egitean, nork ez du honakoa pentsatu: mmm… hau da tomate zaporea, hau!

Produktu ekologikoek ingurumena zaintzen dute

Nekazaritza ekologikoak aerosolen kutsadura maila baxuena dauka, karbono dioxido gutxien sortzen du, berotegi-efektua prebenitzen du, eta ez du hondakin kutsatzailerik sortzen. Energia aurrezten du baliabide berriztagarriez guztiz baliatzen delako.

Nekazaritza organikoan etorkizunerako gordetzen dira haziak. Honela, oso baliagarri diren hainbat hazi-aldaera, elikadura eta kultura mailan, ez dira desagertuko. Bide batez, biodibertsitatea babesten da, eta hori kontuan hartzekoa da arriskuan baitago hazi transgenikoen erabilera dela eta.

Produktu ekologikoak jasangarriak dira, eta ingurumena errespetatzen dute. Honela, produktu ekologikoak kontsumitzen ditugunean (elikagaiak, garbitzekoak edo kosmetika-produktuak) ingurumena zaintzen ari gara; eta lurraren, uraren eta airearen kutsadura ekiditen ere bai.

Produktu ekologikoak kontsumitzen baditugu, beraz, elikatuko gara, horien jatorrizko zaporez gozatuko dugu, gaixotasunari aurrea hartu, eta, gainera, ingurumena zainduko dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*